XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jose Ramon Orozko: Espainia zeharkatu nuen orduko opera kantaririk onenekin .

Kantuzalea izan da betidanik, baina aitak oso ahots ederra zuelako eta bere koadrilakoa den Javier Bidarte ere oso tiple ona zelako, hasieran ez zen bere zaletasuna indartzera ausartu.

Nire familian oso boz onak zituzten denek; nire aitxitxa Jose Kortazo dultzaineroa zen.

Jose Ramon Orozko soldadutzan hasi zen kantatzen.

Oso garai txarrak ziren, Gerra Zibila orduantxe amaitu berria, eta lau urte t'erdi egon behar izan genuen soldadu.

Zorrotzan txikiteora irten eta inoiz sosik ez geneukanez, abestu egiten genuen tabernetan.

Geroago, etxerako baimenak lortzeko, abesbatza sortu genuen hainbat soldaduk.

Herriko elizan bakar-bakarrik kantatu nuen Perosiren Kitolis Pecata Mundi!

Ondo dago musika entzutea, baina hobe da ikasi eta landu besteei kantatzeko eta jotzeko, dio.

Etxera bueltatzean Arraten jarraitu zuen abesten, ezkongabeko mutilek osatutako abesbatzan, eta bertatik Orfeon Eibarresera pasatu nintzen.

Juanito Gisasolaren agindupean denetik egin behar izan nuen, partiturak batera eta bestera eramateaz arduratu, errekauak egin....

Ondoren, Eason aritu zen, artean Alfan beharrean zebilen garaian.

Garai hartan La Chelito baino ezagunagoa nintzen Bilbon.

El Correo Español-ek abeslari ezezagunen lehiaketa antolatu zuen, eta parte hartzeko gogoa nuenez eskutitza bidali zuten lantegitik.

Eskatzen zuten baino nagusiago nintzen, baina hala ere onartu ninduten, kontatu du musikazaleak.

Urteberri eguna zen.

Buenos Aires antzokiko eszenatokira igo eta lepo zegoen areto baten aurrean derrigorrezko obra eta Gillermo Tell operako aria abestu nituen; oso ondo barren.

Lehenengo saria Jose Ramoni eman zion epaimahaiak, baina bere atzetik sailkatutako norbaitek atzera bota zuen erabakia, eibartarra adinez nagusia zela eta.

Ez zuen lehenengo saria eskuratu, baina bai dirua, eta jaialdia berak agurtu zuen kantuz.

Handik gutxira Baionara joan zen, nazioarteko lehiaketa batera.

Txapela jaso eta burua berotuta Italia aldera gero.

Ramonek hiru bider abestu zuen Il Trovatore eta bertako ganbara abesbatzarekin Toskana ezagutu zuen goitik behera, El último Amante de Giovanni obrako tenore.

Milanen, Scalako Eskolan izan zen ikasle, gora egiteko bide zuelakoan.

Baina beti ikasten eta deus lortzen ez zuela ikusita, Bilbora itzuli zen Trovador abestera.

Hortik Madrilgo La Zarzuela taldera pasatu zen.

Espainia zeharkatu nuen orduko baritono handienekin eta zuzendari onenekin batera.

Horretaz gain, Fernandez Shaw anaien El sol de Levante lana estreinatu nuen Valentzian, Rosillo maisuaren zuzendaritzapean.

Espainiako telebistan Gran Parada programan birritan izan zen.

Oso saio ederra zen eta orduko kantanterik inportanteenak ezagutu nituen.

Gero 1965ean diskoa grabatu nuen eta beste bat egiteko zorian izan nintzen Philips disketxearekin, baina nahikoa zela pentsatu eta Arragueta kalera bueltatu nintzen, nire emazte eta bi seme-alabengana.

Hor amaitu zen Jose Ramon Orozko kantariaren historia.

SOSLAIA

Musika, azken-azkena .

Etxean eta lagunartean bakarrik kantatzen duen arren, Eibarko abesbatzen jarraitzaile handia da.

Bi abesbatza daude herrian eta biak onak; ahots zurien taldea da Goruntz eta ez dakit zelan ez duen emakume gehiagok aprobetxatzen Angela Zabaletaren ezagupena.

Sostoak ere primeran kantatzen du eta Sagarna zuzendari handia da.

Abesbatzok Musika Eskolan biltzen dira eta komeriatan izaten omen dira ezarritako ordutegitik kanpo entseiatu behar dutenero.

Zoritxarrez kultura azkena izaten da beti diru kontutan eta musika azken-azkena, kritikatu du tenore ohiak.